Batxiztegia 2021

Esku artean duzun hau Hiztegi bat da. 2020-2021 ikasturtean, Gasteizko Ekialdea BHIko Arte Batxilergoko 75 ikaslek asmatutako euskarazko hitzez eta irudiz osatua.

Abiapuntua 2020ko pandemia hasieraren itxialdian du. Autoedizioa lantzen duen Txakur Gorria sormen taldeak Hizteria Kolektiboa hiztegia partekatu zuen sarean. Modu kolektiboan asmatutako hitz eta ilustrazio bilduma bat zen, eta aukera izan genuen ikasle nahiz irakasleok liburuxka irakurri eta ikusteko, hausnartzeko, jolasteko. Gustatu egin zitzaigun.

Hala, urtarrilaren 15ean, sormen taldeko Ane Labaka Mayoz eta Mariñe Arbeo Astigarraga kideak gonbidatu genituen ikastetxera “Kolektiboa sortuz” izenburupean hitzaldi pare bat ematera euren sortze-prozesuaz, ibilbideaz eta ilusioez... Eskerrik asko.

Su txiki batek beste bat pizten omen du eta, halaxe, hortik aurrera, antzeko artefaktu literario hau sortzeari ekin genion ikastetxean Euskara Mintegiak eta Marrazketa Mintegiak elkarlanean, diziplinartekotasuna eta ikasleen arteko talde-lana sustatuz.

Hemen duzu, beraz, gure hiztegia, Batxiztegia. 75 hitz berriren definizioak eta beste horrenbeste irudi, elkarrizketan, zuretzat. Bertan ezkutatzen diren samin, poz eta ametsetan barrena jolastera gonbidatzen zaitugu… BizMund!

Gasteizen, 2021eko martxoaren 22an
Kultura Astean aurkeztua eta partekatua.

Batxitegia deskargatu.

batxitegia