Gurasoak Hizlari: Astronomiari buruzko hitzaldia

Martxoaren 23an,   Xabi Alcántarak Astronomiari buruzko hitzaldi bat eman zien 1. Batxilergoko A eta B taldeko ikasleei, Kultura Asteko “Gurasoak Hizlari” atalaren barruan.

Gaubeako Astronomia Elkarteko Koordinatzailea da Xabi, beste zenbait gauzaren artean, eta gaiari buruzko dibulgazio-lanetan dihardu aspalditik. Horixe egin zuen, hain zuzen ere, asteartean: zientzia-azalpenak ikasleei pasioz hurbildu, etengabeko elkarreraginean arituz.

Deskribatu eta kokatu egin zituen izarrak, planetak, kometak eta galaxiak, eta Historiaurretik gaurdaino zeru-sabaia interpretatzeko bideak azaldu zituen, unibertsoaren legeak gogoraraztearekin batera. Hizpide izan zituen konstelazioak, ilargi- eta eguzki-egutegiak, Orionen gerrikoak, Esne Bidea, Hartzak eta Kasiopea, eta ordubetez gurekin izan genituen Pleiadeak, Kastor eta Polux, Sirius distiratsua eta Marte. Teleskopioko irudi zoragarrietan barrena sartu ginen Orionen nebulosan, eta kaosaren ordenaz jabetu ginen. Hankaz gora jarri zituen goi/ipar eta behe/hego kontzeptuak, eta neguko zerua zela guztien artean ederrena sinetsarazi zigun.

Eta hori guztia egiteko ekarri zituen eskuz berariaz egindako tresnak… Ez dugu erraz ahaztuko Xabik ustekabean euritako beltz bat  ireki, eta oihalean konstelazio oso bat marraztua zuela erakutsiz, azalpenak ematen hasi zeneko irudia. Irakaskuntzaren irudi bikaina: eskuzabaltasunez, ezeren truke, dakigun hori besteei erakusteko nahi hori, jakintza partekatzeko gogo hutsez egina.

Eskerrik asko, Xabi, zure irakaspenengatik.

astronomía