Gurasoak Hizlari: Medikua motxilan

Martxoaren 24an,   Joseba Iruzubieta “Iru”k Lehen sorospenei buruzko hitzaldi berezia eman zien 1. Batxilergoko C eta E taldeko ikasleei, Kultura Asteko “Gurasoak Hizlari” atalaren barruan.

“Iru” erizaina da ogibidez; ilustratzailea, afizioz; eta mendia maite du txiki-txikitatik. Bere biografiari estuki loturiko gako-hitz horietan oinarrituta eskaini zuen ordubeteko saio praktikoa.  Horretarako, duela urte gutxi Kiko Betelu medikuak idatzi, eta berak ilustratutako liburua izan zuen gidari: “Medikua motxilan: mendizale eta txangozaleentzako lehen sorospenen gida praktikoa” (Xplora argitaletxea).

Gida lau ataletan dago banatua: asteburuetako txangoetako ohiko istripuak, mendian gerta litezkeen ezbeharrak, goi-mendietarako espedizioetan zaindu beharrekoak, eta, azkenik, lurralde exotikoetara bidaiatzeko kontuan hartu beharreko neurriak.

“Iru”k bere jakituria eta esperientzia baliatuz oso modu argian azaldu zuen oinazpiko babak nola sendatu, bihurrituak zer diren eta nola bendatu, edota nola aterarazi kontrako eztarritik joandako zerbait, ito ez gaitezen. Akidurari eta deshidratazioari aurre egiteko bideak ere erakutsi zituen, eta atzerriko herrialdeetan zaindu beharreko oinarrizko neurrien artean aipatu zuen ura edateko zer baldintza bete behar diren, edota beherakoa nola saihestu. A! Jakina! Motxilan eraman beharreko botikinean zer sartu ere adierazi zigun labur-labur. Eta hori guztia, berak marraztutako koloretako ilustrazioak ordenagailuan bistaraziz. Azalpenek eta irudiek bat egiten zuten mezua modu praktikoan eta berehalakoan helarazteko argibideen premian dagoenari.
Eskuzabal aritu zen “Iru” bere jakituria zabala eta esperientzia partekatzen, eta atsegin handiz igaro genuen ordua mendi mazeletan galduta…

Eskerrik asko, “Iru”, zure irakaspenengatik.

medikua motxilan