Aita Mari erreskate ontzia

Iragan martxoaren 22an,  Aita Mari euskal erreskate ontzian Mediterraneoan aritu ziren bi kide izan ditugu Ekialdea institutuan: Izaskun Arriaran eta Ane Intxaurraga. Berrogeita bost egun eman dituzte orotara inguru hartan; horietarik 15 itsasoan, eta gainerakoak prestaketa lanetan eta beste laguntza zereginetan.

Hitzaldia bi zatitan banatu da. Aurreneko atalean, talde honetako kideek  buruturiko erreskate lanen irudiak eman dituzte. Bertan ongi asko eta era gordinean ikusi ahal izan dira iheslariek nolako segurtasun baldintzetan egiten dituzten bidaia hauek eta nolako osasun egoeratan iristen diren lehorreraino, bertara iristeko zortea izan dutenak. Bigarren zatian elkarrizketa bat egin da galdera-erantzunez bideratua. Amaitzeko, ikasle guztiek aurretiaz eginiko paperezko itsasontziak jarri dituzte Mediterraneoa irudikatzen zuen plastikozko itsaso urdin baten gainean, ontziotan beraien mezu eta desioen aldarrikapena eginez.

Ekialde Hurbileko eta Afrikako iparraldeko Mediterraneoaren urak pertsona askorentzat hilerri bihurtu dira azken urteotan. Gerra, miseria, jazarpen… eta abarretatik ihesi dabiltzan milaka lagunen  ihesbide  bilakatu da itsaso hau, itxaropenez beteriko bizitoki berri baterako migrazio bide, ahaleginean bizitza galdu behar izanez gero ere.

Gobernuen pasibitatearen aurrean ausardiaz beteriko talde batzuk zutik jarri eta laguntza eskaintzen hasi dira jende honi. Horietariko ahots bat Aita Mari erreskate ontziko pertsona taldearena izan da, Itsas Salbamendu Humanitarioa Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideena.

Eskerrik kasko zuen bisitagatik!

Aita MariAita Mari