Bukatu da Kultura Astea Ekialdean!

 

Martxoaren 22tik 26ra ospatu dugu, hezkuntza-komunitate osoak parte hartuz antolaketan nahiz  jardueretan, eta pozik gaude emaitzarekin, bai horixe! Ezin bestela izan!

Osasun-egoerak zeharo baldintzatua zetorren, aurten, Kultura Astea, eta horregatik, hasieratik erabaki genuen lehentasuna izango zuela ikasleek urte osoan zehar irakasleen gidaritzapean egindako lanak erakusgai jartzeak, ahaleginak partekatuz, elkar elikatzeko. Zientziaren arloko maketak, Gizarte gaietako lanak eta Arte adierazpenak batu ditugu bi eraikinetako hormetan, telebistetan eta web-orrian.  Azken horretan dituzue lan guztiak ikusgai eta entzungai, zenbait hizkuntzatan. Sartu, eta gozatu astiro ikasleen lanez, merezi dute-eta!

Batxilergoko Ikasleen Euskara batzordekideek antolatu duten “Hizlarien Txokoa”k (Speaker´s corner) ere, txalo-zaparrada merezi du, antolaketan jarritako indar eta ilusioagatik. Halaber, “Guraso hizlariak” eskertu behar ditugu berriz, eskaini dituzten hitzaldiengatik. Datorren urterako ildo beretik jarraitzeko grina piztu digute…

Gainera, Nikaraguako emakumeen ahalduntzearekin bat egiteko elkartasunerako jaialdia antolatu dute urtetan zeregin horretan diharduten lankideek, eta, azkenik, Mendebaldetik Ekialdera jo dugu berriro, “Aita Mari” erreskate ontziko kideen eskutik, Mediterraneoko migratzaileen izuak sentitzeraino.

Bukatu da, beraz, aurtengo Kultura Astea.  Baina  batek daki zer egingo dugun datorren urtean… Izan ere, hor ikusten ditugu zortzi gitarra eskuz eginak… itxura ona dute… ezagutzen dugu kanta bat, nola zen ba…?

 

DBH - Egitaraua - Erakusketak

Batxilergoa- Egitaraua - Erakusketak

 

 

kultura astea